XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

IHARDUERA PROGRAMA - DBHko I. ZIKLOA

1. iharduera LAMIAREN ZALANTZAK

Kaixo neska-mutilak! Zer moduz zaudete?

Ez zineten bada nitaz ahaztuko, ezta? Bai, bai, neu naiz, Lamia. Zertxobait aldatua nago, hori egia da.

Lamia nagusiek aldatuegia nagoela diote, baina ez kasurik egin. Gertatzen dena zera da, haserre daudela ilea laranja kolorekoa jarri dudalako eta beraiei ez zaielako batere gustatzen. Azenario itxura dudala diote.

Nire asmoa ez zen nire bizitzari buruz idaztea, baina badakizue, berritsua naizenez... Beno, goazen harira. Ibaien gainean interesaturik egon zaitezketelakoan idatzi dizuet. Horrela bada, zenbait zalantza argitzen lagun diezadakezue.

Aurreko batean, herriko lagun bat etorri zitzaidan bisitan. Hark esan zidanez, zuok ez omen duzue ibaiko ura zuzenean edaterik. Egia al da hori?

Bere etxeko ura ere ekarri zidan kantinplora batean eta nik kuriositatez, dastatu egin nuen. Bai zapore desberdina zuela! Ba al dakizue zergatik duten horren zapore desberdina ni bizi naizen errekastoko eta zuen etxeetako iturrietako urak? Kontatuko didazue.

Ah! Txundituta gelditu nintzen nire lagunak egunero zenbat ur gastatzen zuen esan zidanean. Denetarako erabiltzen duzue ura! Neska gaixoa, oso kezkatuta zegoen, ez dakit zer lan egin behar zela-eta, ura moztu behar baitzioten. Zuek ere egunean zehar horrenbeste ur erabiltzen al duzue? Planetako eskualde guztietan ur kopuru berbera erabiltzen al da?

Zerbait dakizuenean, idatziko didazue, ezta?

Beste gauza bat. Nire lagunak, kantinploraren jabeak, albistez beterik zeuden orrialde batzuk erakutsi zizkidan. Uste dut orrialde horiei egunkaria deitzen diezuela.

Berri horietako batzuk urari, ibaiei, urtegiei... buruzkoak ziren. Saiatu al zarete inoiz, bainua hartzen zaudeten bitartean egunkaria irakurtzen? Bai? Ba orduan asmatuko zenuten zer gertatu zitzaion nire lagunak ekarri zuen egunkariari... Botako al zeniekete begirada bat egunkariei, nire zalantzak argitzen lagunduko duen zerbait kontatzen ote duten jakiteko?

Eta ea etortzen zareten ni bisitatzera!